UHARTE – LEIREKO MONASTERIOA

apirila 19, 2016

Benetan ibilbide polita, ederra eta interesgarria da Uhartetik abiatuta Leireko monasterioraino doana: batetik, naturarik malkartsuena, eta bestetik, penintsula iparraldeko monasteriorik nabarmenen eta bikainenetakoa ikusteko aukera eskaintzen baitu. Behin Uhartetik aterata, Agoitzera doan errepidea hartu, eta handik, Irunberri aldera joko dugu, ondotik gure helmugara iristeko; Leirera, alegia.

Agoitzen, Zagurrigarreko monasterioaren arrastoak aurkituko ditugu, Irati gaineko zubi erromanikotik hurbil. Herriko eraikin nabarmenen artean, eliza aipatuko dugu: atari platereskoa du eta XV. mendeko bataiarri polikromatua.

Irunberrin eta inguruetan, toki adierazgarria dago zinez, hots, Irunberriko Arroila edo mendi zintzur ikusgarria, Irati ibaiak harrian zizelkatua. Arroilaren mutur batean Deabruaren zubia dago. Badago arroila gidariarekin bisitatzeko aukera; bidea Irati trenak egiten zuen ibilbidea berbera da.

Gure azken helmuga Leire da; Leireko monasterio ederra, alegia. Elezaharraren arabera, han Birila izeneko fraide santu bat bizi izan zen; behin batez, txori ttiki baten txio-txio goxoak liluraturik, basoan sartu zen. Han, hirurehun urtetik gora eman zituen estasiaturik; gero, bere onera etorrita, monasteriora itzuli zen, abiatu zenetik goiz bakar bat pasatua zelakoan. Garai hartako agirietan jasota dagoen elezaharra da. Elezaharra Europa osoan ibili zen, batera eta bestera, Donejakue bideko erromesen aho-mihitan. Leku miragarri horretan, iturri bat dago gaur egun, bai eta Santuaren irudi bat ere.

Ez dakigu monasterioa noiz sortu zen. Aspaldi-aspaldiko garaietan, hori bai, eta batzuen arabera, inguruko kobazuloetan bizi ziren ermitauen bilera baten ondorioa izan daiteke.

Monasterioaren lehenbiziko lekukotasunak IX. mendekoak dira, eta haren historia jakingarria da oso. Esaterako, Iruñeko apezpikuak Leireko fraideen artean aukeratzen zituzten. Esan ere izan da monasterio hau El Escorial baino gehiago dela, monasterioa izateaz gain, Nafarroako erregererreginen egoitza ere bazelako. 1954an, monje beneditarrak finkatu ziren, denak Silosko Santo Domingotik etorritakoak.

Monasterioaren alderik zaharrena kripta da, XI. mendean eraikia, lau nabetan zatitua, eta zutabeek kapitel handiak dituzte; agerian dago hasierako erromanikoari darion soiltasuna.

Ganga gotikoa Nafarroako ederrena da, zalantzarik gabe: barrenera sartzeko, “porta speciosa” izeneko atea zeharkatu behar da. XIII. mendeko lan eder-ederra da, erdian dagoen zutabe batek bitan banatua.

Koruko burualdea horma handiko lehenengo eraikuntza erromanikoa da, eta hartan, Nafarroako errege-erreginen panteoia dago; X. eta X. mendeetakoa.

Bisitan joanez gero, esan behar da ostatu bat dagoela, eta gizonezkoendako egoitza bat ere bai.


<< atzera