CASTELLANO | 2012ko otsailaren 7a
aquí esta la fecha
Buldain Fundazioak gure herriko Patxi Buldain artistaren eskulturak eta margolanak biltzen ditu. Buldainek 30 urte baino gehiago eman ditu Uharten arte lanetan eta pertsona aunitz animatu eta bultzatu ditu, artearen munduan hastera eta sormen lanak garatzera. Fundazioak zentro bizia izan nahi du, egungo artearen joerarik adierazgarrienak eta berritzaileenak aztertzeko; betiere, Patxi Buldain eta gure artistaren sormena kontuan hartuta. Fundazioa "filipinoaren txaleta" esaten zaion eraikinean jarriko da; Pedro Eusa nafar arkitekto ezagunak 30eko hamarkadan diseinaturiko etxea da.
Zalantzarik gabe, horrek balio artistiko erantsia ematen dio; beraz, bai Fundazioak bai haren egoitza izanen den eraikinak izanen dute interesa bisitarientzako.
Patxi Buldain Paris aldean bizi eta han ere hezi zen arte kontuetan, 50eko eta 60ko hamarkadetan; kultur munduko jende ospetsua ezagutzeko parada izan zuen eta, adiskideen artean, besteak beste, Camus eta Picasso zeuden. Haiek guztiek eragina izan zuten Patxi Buldainen bizian eta arte-ibilbidean. Horrexek berak egiten du paregabe gure artista, Patxiren artelanak paregabeak diren bezala; etengabeko bilakaerari lotuta dagoen sormenetik ateratako lanak baitira.