CASTELLANO | 2012ko maiatzaren 21a
aquí esta la fecha
Iruñerriko Ibai Parkeak alderik alde zeharkatzen du gure herria, Arga baiari jarraikiz; ibilbideak, zehazki, 3,293 kilometro ditu gure dermioan. Lehenbiziko fasea 2001eko abuztutik 2003ko ekainera bitartean egin da eta, gaur egun, hainbat tokitan, ibilbidea hobetzeko lanetan dabiltza; esaterako, Atondoako presan, Martiketen eta Dorraburun.
Ibai parkeak Uharteko ondarearen zati bat berreskuratzeko aukera eman digu, jendeak era antolatuan eta ingurunea errespetatuta erabili eta goza dezan; oinez eta bizikletaz ibil gaitezke. Ibilbidean, hiru zaldain paratu dira: bat, Zokoa aldean, Eguesko mugaren ondoan; beste bat, kiroldegiaren inguruan, eta hirugarrena, Martiketen. Lehenbiziko biek 28na metro dituzte, eta hirugarrenak berriz, 18 metro.
Ibai parkeak atsedenerako eta jolaserako aisia eremu batzuk ditu Uharteko bazterretan. Zehazki, Atondoan, Rebutozarren eta Zokoan; guztietan ere errelekuak eta iturriak daude. Dena den, aisia eremurik handiena Kalbarioko Zubiaren ingurua da; komunak, kioskoa, jokoak, errelekuak eta iturriak paratu dituzte.
Iruñerriko ibai parkearen plan zuzentzailean, halaber, halako ekintza jakin batzuk aurreikusi dira, errekak gure herrian sortzen dituen arrisku eremuak murrizteko; horrela, kiroldegiaren ondoan, Ugarrandian, harri-lubeta bat eraiki dute, erripa labaindu ez dadin. Gauza bera egin da Don Carlos hotelaren ondoan. Rebutozarreko baratzeetan, bestalde, harri-lubeta bat egin da, aurretik egindako obren osagarri, erreka bazterra labaindu ez dadin eta higadurari aurre egiteko. Azkenik, hala presetan nola presa horiek sortzen dituzten ur geldietan, egon badaude harri-lubeta babesgarriak, erripa errekara erortzeko arriskua egon badagoelako.
INBERTSIOAK:
Uharten, ibai parkea moldatzeko egin diren obra guztien aurrekontua 825.894,3 euro izan dira. Zehazki, ibilbidean 228.708,8 euro erabili dira; erreka bazterrak babesteko, 22.810,9 euro, eta 5.156 euro, eremua drainatzeko. Bestelako gastuak ere izan dira: adibidez, ingurumen arloko lehengoratzea (17.205,1 euro) eta ibilaldian jarritako egiturak (278.832 euro). Halaber, 200.146,1 euro baliatu dira aisia eremuetarako; 8.661,7 euro, semaforoetarako, eta 5.844,9 euro, seinaleztapen eta balizetarako. Azkenik, segurtasuna moldatzeko lanetan 27.669,29 euro erabili dira.
HOBEKUNTZAK:
Behin lehenbiziko fasea bukatuta, egoki iritzi zitzaion hobekuntza lan batzuk egiteari. Horrela, gaur egun, Atondoako presatik gora, zaldain berria eraikitzen ari dira; hasierako aurrekontua 285.000 euro da. Era berean, ibilaldian aldaketak egiten ari dira bai Martiket inguruan bai Dorraburuko zubiaren inguruan, 224.000 euroko aurrekontuarekin. Aisia eremuetan eta ibai bazterretan, gainera, 100etik gora zuhaitz eta zuhaixka espezie landatzen ari dira; esaterako, hemengo espezieen artean, astigarrak, sahatsak, lizarrak, zume zuriak, ezkiak, elorri zuriak, zuhandorrak eta elorri beltzak; eta masustak, zume negartiak, lizar loredunak, Kaliforniako arbustuak eta ebonimo japoniarrak, kanpokoen artean.
BIGARREN FASEA:
Etorkizunari begira, Iruñerriko ibai parkearen proiektuaren arabera, "parke tematikoak" egitea aurreikusita dago; urari, naturari, kirolari eta zentzumenei lotutako parkeak, alegia. Txostenaren arabera, hori guztia gauzatuko bada, esparru estaliak edo itxiak eraiki beharko lirateke, baina oraindik ez dago zehaztua.