CASTELLANO | 2012ko otsailaren 5a
aquí esta la fecha
"DONEJAKUE BIDEA" ATERPETXEA:
Zer-nolako ekarpena egiten dio Donejakue bideak Uharteko plan estrategikoari?
Alde batetik, arrazoi historikoak daude; hau da, duela ehunka urtetik hona, Uharte Santiagora doan ibilbideari lotuta egon da eta, hain zuzen ere, gure herriaren eta uhartearren ezaugarrietako bat abegitsua izatea da, Donejakue bideari darion kulturarekin bat. Baina, arrazoi historiko horiek alde batera utzita, kontuan hartu behar da gure herriak merkataritza-hiria edo hiri industriala izateaz haratago jo behar duela; beraz, Uhartek udalerri erakargarria izan behar du bisitarientzako, hau da, erosketaz eta entretenimenduaz gain, bestelako motibazioak ere badituzten bisitarientzako. Uharte Donejakue bidearen barnean ezaguna egiteak jendetza handia ekartzea lortzen du urtero gure herrira; 20.000 mila erromes inguru, hain zuzen.
Beste arazo bat da zer egin, orain Iruñean barna doazen eta Garesen atseden hartzen duten erromesek Uharte zeharkatu eta gure Aterpetxe-Ospitalean lo egin dezaten. Hona hemen estrategiaren nondik norakoa: aterpetxe-ospitale berezi-berezia eraikitzea, erromesek Bide osoan aurkituko ez dutena bezalakoa, erromesak gure herrira erakartzeko. Kalitatea eta zerbitzu-eskaintza desberdindua prezio ekonomikoan ematea. Uhartek belaunaldi berriko Aterpetxe-Ospitalea izanen du; eraikin berri hori berez izanen da turismoa herrira erakartzeko gunea.
Aurreko arrazoia bezain garrantzitsua da herria Donejakue bidearen kultur korridorearen atala izatea; hau da, mugak gainditzen dituen sareko kide izatea, horrek kultur ekarpen handia eta aberasgarria sortzen duelako.
Bidearen une gorena bat dator Uharte Hiriak Iruñerrian eginkizun garrantzitsua izan zuen garaiarekin, bai eta Erresumako politikaren barnean ere.
Alde horretatik, Uharte behin eta berriz ageri da Erdi Aroko agirietan, kokapen estrategiko berezian baitzegoen; hau da, Oihana mendi gailurretik zaindu eta begiratu egiten zituen Bortuz haraindiko (Nafarroa Behereko) lurretatik zetozen bideak; eta huraxe zen Europara joateko zegoen lotura nagusia, hau da, Orreagan eta Ibañetan barrena.
Guri dagokigunez, Frantziako bidea interesatzen zaigu, hau da, Izura eta Gares artean doana, horrexek izan baitzuen lotura Uharte Hiriarekin.
Esteribartik heldu da bidea Uhartera, behin Zubiri, Urdaitz, Larrasoaña, Zuriain, Irotz, Zabaldika eta Artetako bazterrak atzean utzita.
Uharteko Bidebitartean izeneko alderdira iristen zenean, bidea banatzen zen. Adar bat Arreko Trinitaterantz zihoan eta bestea Uharteraino bertaraino, gure herriko gunerik zaharrena gurutzatuta (Ugalaldea), Done Eztebe monasterioaren eta Ateako errotaren ondoan. Azkenik, Uharteraino sartzen zen erromesak bazuen Arrera itzultzeko aukera, ondoren Donejakue bidearen ohiko tartean aurrera jarraitzeko; zehazki, Arreko Trinitatea esaten zaion bidetik, errepide berria edo saihesbidearen trazatutik zihoana.
EGINKIZUNA:
Hauxe da Donejakue bideak Uharten barrena igarotzerakoan duen eginkizuna: bere garaian goia jo zuen ibilbide erlijiosoa egiteko aukera ematea, belaunaldi berriko harrera-ingurunean, baina aldi berean mendez mende landu duen nortasunari eusten diona.
IKUSPEGIA:
Donejakue bideko turistak ikus dezala Uharte bere osoan arras erakargarria dela: auzo zaharra, erromesen ospitalea, aterpetxea, ahaztu gabe ostalaritzan, turismoan eta informazioan dagoen eskaintza guztia.
ESTRATEGIA:
Erromesari Uharterantz desbideratzeko aukera eman behar zaio; beraz, behar den informazio guztia eman behar zaio, ibilbide hori erakargarria izan dadin. Behar diren informazio bide guztiak erabiltzea; esaterako, bideari buruzko gida-liburuak, informazio bulegoak, etab. Haietan guztietan aipatu behar da Uharte nahitaez bisitatu behar dela, arras interesgarria delako.