Albisteak > Botika gutxitu eta gehiago mugitu

Botika gutxitu eta gehiago mugitu

“Botika gutxitu eta gehiago mugitu” zuekin ere etxean

Egun batzuk daramatzagu etxean sartuta koronabirusak eragindako pandemiaren hedapenari aurre egiteko. Denbora honetan, ahalik eta ondoen zaindu behar dugu geure burua, gure osasuna mantendu dadin eta gure animoak gainbehera egin ez dezan.

Zein da erremedioa gure osasuna konfinamendu egun hauetan mantendu dadin?

Azaltzea erraza den zerbait da, egiteko erraza baina etxe barruan praktikara eramatea kosta egiten dena; OINEZ IBILTZEA ETA OTORDUEKIN KONTU PIXKA BAT IZATEA DA KONTUA.

Gomendatzen dizuegu

*Etxearen muturretik muturrera ibili, adibidez, 5 minutuko tarteetan orduro, 10 minutukoa bi orduro, edo 15 minutukoa hiru orduro, egunean guztira 40-60 minutura iristeko. Horretarako, bazter ezazu traban duzuna (mahaia, aulkiak...), beste nonbaiten jarri eta paseatzeko lekua prestatu. Gure etxea oso txikia bada lekuan bertan ibil daiteke, mugitu gabe, belaunak ohi baino gehiago igoz, baita leku berean korrika eginez edo soka-saltoa eginez ere, gaztea bazara eta arin bazaude.

* Jan-errazioak ohi baino txikiagoak izan daitezen saiatu, ez ezazu platerik errepikatu, egunean hiru otordu egin ordutegi erregularra mantenduz eta ez ezazu otorduen artean zizka-mizkarik hartu. Pisua eta koipea igotzea saihestuko dugu.

Ez dezagun ahaztu oso garrantzitsua den zerbait, obesitateak, kolesterolak, diabetesak eta sedentarismoari lotutako beste gaixotasun kroniko batzuk ere osasun eta gizarte sistema kolaptsatu dezakete etorkizun hurbilean. Borroka gaitezen hemendik aurrera gaixotasun horien aurka, jardun fisikoa eginez eta oinez ibiliz.

Nelson Mandelak leku gutxiago izan zuen bere ziegan 27 urtez, baina inoiz ez zion ariketa fisikoa egiteari utzi eta eutsi egin zion. OINEZ IBILIZ AURRE EGIN DIEZAIOGUN.

UDALAREN KIROL ZERBITZUA
UHARTEKO OSASUN-ZENTROA